J.M. + J.T.
Oi ene Jainkoa, gurtzen dudan Hirutasuna, lagunt nezazu neure burua
osoki ahazten zure baitan egoteko, geldi eta baketsu, ene arima
jadanik betierean balitz bezala. Deusek ez dezala ene bakea
nahas ez eta zure baitarik atera, oi zu ene Higiezina, bainan
minuta bakotxak urrunago neramala zure Misterioaren
barnatasunean. Garbi ezazu ene arima, hau egizu zeure zeru,
zeure egoitza maite eta atseden leku. Ez zaitzadala sekula
bakarrik utz, baizik hor izan nadila oso-osoa, atzarririk neure
fedean, gurtzen ari, zure Ekintza kreatzaileari osoki emana.
Oi ene Kristo maite amodioz gurutzitzatua, zure bihotzeko
andere-esposa izan nahi nuke, aintzaz estali nahi zintuzket,
maitatu nahi zintuzket…hiltzerainokoan ! Bainan ene ezinaren
berri badakit; "zuhaurtaz janztea" eskatzen dizut, zure
arimaren mugimendu guziekin bat egitea; gaindi nezazu, sar
zakizkit, nitaz jabe zaitez, ene bizia zure Biziaren dirdira
baizik izan ez dadin. Zatozkit Gurtzaile, Ordaintzaile eta
Salbatzaile bezala.
Oi betiereko
Berboa, ene Jainkoaren Hitza, zu entzuten iragan nahi dut
bizia, irakasgarri egin nahi naiz, zuganik dena ikasteko.
Eta gero gau, hutsaldi eta ezintasun guzietan, zuri so egon
nahi dut beti, zure argi handiaren pean; oi ene Izar maitea,
lillura nezazu ezin atera nadin zure dirdiratik.
Oi su erregarria, maitasunezko Izpiritua, "zatozkit barnera",
Berboaren gorpuztea bezalako zerbait egin dadin ene baitan :
izan nakion gizatasun erantsi bat, haren baitan bere
Misterio guzia eraberri dezan. Eta zu, oi Aita, ukur zaitez
zure kreatura xumeari buruz, "estal ezazu zeure itzalaz",
haren baitan ikus ezazu bakarrik zeure "Seme Maitea, atsegin
zaizuna".
Oi ene Hiruak, ene Guzia, ene Zoriona, Bakartasun mugagabea, galtzen naizen Neurrigabetasuna, ematen nitzaizue harrapakin bezala. Ene baitan ehortz zaitezte, zuen baitan ehortz nadin, argian zuen handitasun izarigabearen ikustera joan arte.



